4.1 - ONDASUNAK ETA ZERBITZUAK KONTRATATZEA

Ondasun eta zerbitzuen kontratazioa udal-kudeaketan garrantzi ekonomiko handiena daukaten jardueretako bat da. Ondasun eta zerbitzuak honako printzipio hauen arabera kontratatu behar dira: lizitazioetan askatasunez parte hartzeko printzipioa, prozeduren publizitatearen eta gardentasunaren printzipioa eta lehiakideen arteko diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren printzipioa. Bestalde, aurrekontua egonkorra izateko eta gastua kontrolatzeko helburuari lotuta, obrak egiteko, ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko diru-funtsak eraginkortasunez erabiliko direla ziurtatu behar da, premiak aldez aurretik definituz, lehia askea babestuz eta ekonomiaren aldetik abantailatsuena den eskaintza hautatuz.

Ondasun eta zerbitzuak kontratatzeko aplikagarria den oinarrizko araudia Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua da. Gainera, Tokiko Agenda 21ean, «erosketa berdea» sustatzeko irizpide orokorrak zehazten dira eta irizpide horiek, ahal den neurrian, Udalak egiten dituen lizitazioetan barne hartzen dira.

Galdakaoko udalari dagokionean, uste dugu Kontratazio publikoa ezin dela kontsideratu helburu gisa berenez. Aitzitik, botere publikoen zerbitzura dagoen ahalmen edo lanabes juridiko gisa ikusi behar da, helburu edo politika publikoak benetan bete daitezen. Hau da, kontratazioa izan daiteke, eta izan behar du, gizarte-, ingurumen- edo bestelako politika publikoei lotutako helburuak lortu ahal izateko teknika bat, diru publikoak nola bideratu behar diren egoki ulertzeko balioko dutela konbentziturik.

Horrek esan nahi du kontratu publikoak ez direla administrazioarentzat baldintza onuragarrienetan lehengaiez edo zerbitzuez hornitzeko bide bat soilik. Aitzitik, gaur egun, kontratazio publikoaren bidez, gizartearen bizitza ekonomiko, sozial eta politikoan interbentzio-politika egiten dute botere publikoek.

Horren ondorioz, Udalbatzak 2014ko ekainaren 26an egindako ohiko bilkuran, Gizarteari, ingurumenari, hizkuntzari, emakume eta gizonen arteko berdintasunari eta beste politika publikoetatik eratorritako gaiei dagozkien klausulak sartzeari buruzko Instrukzioa onetsi zuen.

Jarraian, Galdakaoko Udalak egindako ondasunen eta zerbitzuen kontratazioarekin lotutako informazio esanguratsua agertzen da.

 

Kontratugilearen profila



Eguneratuta
Atzera